GAUR, lana bukatutakoan, semearengana doa Londresera. Iazko uztailean joan
zitzaion semea, inglesa ikastera, eta behin airoportua ukitu zuenean, mezu bat
bidali zien gazteak gurasoei, unibertsitateko ikasketak utzi eta urtebete
Bretainia Handiko hiriburuan egingo zuela esanez. Dirurik ez zuela behar. Lana
aurkituko zuela. Bere bizitzan zer egin nahi zuen erabaki nahi zuela. Eta
ikasketak, oraingoz, ez zeudela plan horretan.
Urtebete ondoren, aitak aitortu du bere
mutilak autonomian irabazi duela; etxetik ez duela euro bat ere eraman; hiru
lagunen artean alokatutako pisua garbitzen ikasi duela; bere gauzak zaintzen
eta gordetzen; eta etxera deitzen duenean, esker oneko agertzen dela. Aita,
azken finean, eta hasierako atsekabea ahaztuta, pozik dago. Mutila gizon egin
zaio. Bizitzan aurrera egiteko baliabidez jantzi dela iruditzen zaio.
Aitak, aste honetan, hainbat gazte
elkarrizketatu ditu. Ikasketak burutu eta orkezkapenak egiten aritu direnak
joan deneko azken zortzi urteotan. Ahalegindu diren gazteak dira. Ikasi zuten horretan muturra
sartzen saiatu direnak. Ezeri ezetzik esan ez dietenak. Eskaini dieten
zaborra ere eskertu dutenak. Eta orain, ez lan finkorik, ez lan-prestakuntza
nahikorik, ez aurrezkirik ez dutenak. Aitzitik, autoestima ere galdu dutenak.
Inork ez baitie behar zutena eman; inork ez baitie egindakoa eskertu; inork ez
baitie balio dutenik erakutsi; uste izan dute "aukera" eman dietela
eta profitatzen saiatu dira. Uste izan dute horrela dagoela egoera eta irenstea egokitu zaiela.
Horixe dena eta gehiago uste izan dute. Eta konfiantza galdu dute; konfiantza
etorkizunean eta konfiantza eurengan.
Arratsaldean, Londreserako hegazkina hartuko duenean, semea
besarkatuko duela pentsatu du aitak eta, besterik gabe, nola doakion galdetuko
diola, zorion-tsua ote den… bere barrenean, etxera ekarri nahiko lukeela
sinistu arren.
ANA URKIZA
No hay comentarios:
Publicar un comentario